martes, 29 de enero de 2013

Gandhiren bizitza

 

 Mohandas Karamchand Gandhi



 Gaur 63 urte bete dira Mahatma Gandhi hil zutela. Bere mezu eta ideien aurka zegoen hindu batek hil zuen tiroka bere etxera bidean. Hilketak handitu egin zuen Gandhiren irudia, baina bizi zenean ere indiarrek, britainiarrek eta ezagutu zuten guztiek mirestu eta errespetatu zutela esan genezake. Mohandas Karamchand Gandhi 1869ko urriak 2an jaio zen Indiako Porbandar herrian: 13 urte zituela ezkondu zen adin bera zeukan neskato batekin eta lau seme-alaba izan zituzten. Londresen zuzenbide-ikasketak egin zituen, ondoren Indiara itzuli zen abokatu lana egiteko, baina handik bi urtera Hego Afrikan eskaini zioten lanpostu bat onartu zuen. 21 urte egin zituen Hego Afrikan eta han ekin zion ondoren han ezaguna egin zen jokaera eta aldarrikapenari: "Edozein helburu lortzeko kemena behar da, ez da indarkeria erabili behar, eta beti egia izan behar dugu ardatz eta ipar." 1915ean Indiara itzuli zen, eta mugimendu nazionalistaren buru bihurtu. Eta bere ohiko doktrina erabili zuen hemen ere Britainia Handiarengandik independentzia lortzeko. Sarri eraman zuten preso, zapi urte pasa zituen kartzelan, baina beti zioen ohorea zela kartzelara joatea helburu zuzen batengatik bazen. 1947an Indiak independentzia lortu zuen, eta bitan banatu zuten: India eta Pakistan. Hinduistak ziren nagusi Indian eta musulmanak Pakistanen. Gandhik uste eta aldarrikatu zuen bi erlijioek elkarrekin bizi behar zutela, baina horren aurka zen batek hil zuen tiroka.
 
Mahatma Gandhiri buruz esan daitekeen guztia esan eta idatzi da seguruenera. Berak ez zuen sekula onartu Mahatma deitzea, "Anima Handi" esan nahi duelako, eta hori beretzat gehiegi zelako. Umila izan zen, eta bere helburuaren aldeko jokaera azken muturreraino eramateko prest izan zen beti. Sarri esan zuen prest zegoela bere bizitza Indiaren independentziaren alde emateko, baina sekula eta ezergatik ez ziola inori bizitza kenduko. Helburua baino askoz ere garrantzitsuago zen beretzat zein bidetatik lortzen den nahi den hori. Indarkeria eza eta egia izan ziren bere doktrinaren zutabe nagusiak. Helburuak lortzeko gose-grebak egin zituen eta gehienetan lortu zituen, Gobernu Britainiarra eta bere etsaiak ez zirelako aurka egiten ausartzen, ziur aski, garai hartan Gandhi zen munduko gizaki bizi ezagunena eta mirestuena. Hego Afrikan hinduen eta beltzen egoera penagarria salatu zituen, Indian independentzia aldarrikatzeaz aparte, kasta edo gizatalde ahulenen eskubideak izan zituen helburu nagusi. Herri eta erlijioen arteko elkarlana eta elkarbizitza aldarrikatu zituen beti, baina azkenean hori ezinezkoa eta gorrotagarria zela uste zuen batek hil zuen tiroka, taldean otoitz egin ondoren etxera itzultzean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario